Hiru galdera Mezenas bati : Le Victor-Hugo jatetxea

Errobi eta Aturri elkartzen diren leku « estrategikoan » kokaturik, duela gutti osoki berritua izan den Le Victor Hugo jatetxea, Baionako ezinbesteko tokia bilakatu da gaur egun ; sustraitze horren lekuko, Culture/Kultura emaitza fondoaren kide bilakatu da orain. Nicolas Miquel eta François Couvelaere, etxeko zuzendariek gure galderei erantzun dizkiete.

Ematen du Baionari biziki atxikiak zaretela ; harrigarria da Euskal Herrian sortuak ez diren  pertsonentzat…

Badu sei urte Baionan lanean ari garela eta ez gara biziki maite dugun hiri hau uztekotan. Abentura profesional hau Baiona Ttipian hasi genuen Xilko ostatua erosi genuelarik. Gaueko ostatu hartan, musika eta euskal kultura biziki garrantzitsuak ziren. Nortasun hori mantentzeko hautua egin dugu. Eskualde batean integratu nahi delarik, lehenik bertako berezitasunak errespetatu behar dira. Ondotik, berezitasun horiek ulertzen eta partekatzen saiatu behar da. Hortan gaude. Egiazko bihozkada ukan dugu Le Victor Hugo jatetxearentzat. Badu bi urte aspaldiko ostatu hori berriz hartu dugula. Lehen solairuko gela goxoa baloratu dugu. Halaber, behereko gela berriz asmatua izan da garagarnotegi baten izpirituan, eta terraza ere. Gure jatetxea aterpetzen duen eraikin hau Baionako arkitektura ondarearen parte izanez, kalitateko tokiko sukaldaria egin nahi izan dugu. Gauza ageria zen guretzat, bai eta gure eskualdeko eta hego Euskal Herriko hornitzaileekin lan egitea ere.

Zuen lanaz bestalde, hiriko animazioan biziki inplikatuak iduri duzue

Animatua den hiri bat erakargarria da. Dinamika horrek gure ostatuaren eta jatetxearen emaitzak baldintzatzen dituenez, naturala iduritzen zaigu Baiona Ttipiko dendarien eta ostalarien elkartean eta hiri-barneko gaueko zarataz arduratzen den CLSPD-n lan egitea. Bestalde, normala iduritzen zaigu ere gure eskualdean « hobeki bizitzea »-ren ideia laguntzea sostengatzen ditugun ekintza batzuen bidez. Kirol mailan, Baionako ASB-ko nesken errugbi taldea eta Mugerreko USM errugbi taldeak laguntzen ditugu. Euskal Herrian gaudenetik, Korrikan parte hartzeko gogoa dugu. Culture/Kultura emaitza fundazioko kide bilakatuz, Euskal Herriaren alde lanean ari direnak lagundu nahi ditugu.

Zer da bereziki gustokoa ukan duzuena Culture/Kultura-n?

Dena maite dugu Baionan : eraikinak, biztanleak, turistak, hiriaren ohidurak eta kanpoarekiko irekitasun izpiritua. Hain segur, horregatik osoki bat egiten dugu euskal kultura eta kultura aniztasuna uztartzen dituen Culture/Kultura-rekin.

> Victor Hugo-ren webgunea : www.levictorhugobayonne.fr